XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

(...), eta gero ere niri begira jarraitu zenuen, eta nik ezin nuen etxerako bidea hartu zu begira zeundelako, zerbait esan behar nizun, baina untze tindi bat sentitzen nuen eztarrian, eta azkenean txirlitorlo atera zitzaidan: - Eramango zaitut etxera, igo!.

Eta atzeko parrilean jarri zinen niri gerritik oso estu eultzirik, eta nik ez nuen etxera inoiz ailegatu nahi, ordurako orduak minutu bihurtzen bait zitzaizkidan zurekin nengoenean.

Gero gauean ohean zutaz pentsatzen, lo zurekin egitea bezala izan zen.

Goizean beldurrez jaiki nintzen, arratsaldean etxera beste norbaitek eramango zintuela pentsatuz, eta bost lagunen txirrindak pintxatu nituen, baina beste seirenetara ez nintzen iritsi.

Kurban agertu zinenean lagun guztiok geunden.

Halere, besteei ezetza egiten ikusi zintudan niri begiratuz eta matraileko bi txulo horiekin farre eginez, eta nere parrilean jarri zinenean bakarrik ulertu zuten bizikletak izorratutako lagunek nor izan zen egilea.

Atzetik hasi zitzaizkigun, eta azkar ailegatu behar izan genuen zure etxera.

Pena eman zidan, ordurako minutuak segundu bihurtzen bait zitzaizkidan zurekin nengoenean.

- Kontuz ibili lagunekin!.

Esan zenidan eta ni inmortala sentitu nintzen, ziur nengoen zure ondoan ez ninduela ezerk minduko.

Umeak ginen artean, eta gauzak betirako zirela uste genuen, eta ziur nengoen gure konplizitatea ez zuela ezerk zirdinduko.

Maitasuna hasieran konplizitatea izaten da.

Gero geografi ariketa bat goizabarrean.

Azkenik abantean joan ezineko nostalgi putzu bat.

Gure biografia ez zen elkarrekin pentsatzen ematen genituen orduak baino.

Zure gorputza herrialde bakoitza non kokatu ez nekien mapa bat zen.